XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zubietarrak, donostiar edo usurbildar?

Historikoki Zubietak izaera propioa izan du.

Administrazio autonomoa zuen eta alkate-ordetza baten ardurapean bizi izan zen luzaroan.

Gaur egun, Zubieta Donostia eta Usurbilen artean banatua dago eta bertakoek batekoak ala bestekoak izateari garrantzi handiegirik eman gabe, Zubietaren osotasuna defendatu nahi dute.

Mendeetan zehar iraun duen eztabaida izan bada ere ez du gaurkotasunik galdu.

Egun, zubietarrek Donostiako eta Usurbilgo Udalekin harremanetan dabiltza deslindea, hau da, 2 udalerrien arteko mugen finkapena eztabaidatzen.

Gai hau antolaketa urbanistiko baten beharrak mugitu du batez ere.

Zubietar gazteek kanpora atera behar dute bizitzera, azken urte luzeetan Zubietan egin diren ekintza urbanistiko bakarrak kanpoko jendeari zuzendutakoak izan dira; jatetxe handiak, lanbide heziketa eskola eta antzerakoak, bertakoentzat ez da ezer egin.

Ez dugu inola ere Zubietak duen baserri giroarekin akabatu eta dena etxez bete nahi baina gutxienez bertan bizitzen geratzeko aukera nahi izango genuke hala diote Zubietako Udal Batzordea osatzen duten auzokideek.

Duela urte batzuk bizilagun talde batek kooperatiba bat sortu eta terrenoak erosi zituen, bertakoentzat etxebizitzak egiteko.

Baina gai honek bere horretan jarraitzen du.

Donostiak eta Usurbilek bere lur zatiak gorde nahi dituzte Zubietan; ia ustiatu gabeko eremua da eta edozein udalentzat gogokoa.

Ez da ahaztu behar gainera, Donostiko Hipodromoa bertan dagoela.

Hipodromoa bera, Donostiako Udalarena bada ere, lur zati batzuk Usurbilenak dira.

Bi udalerrien artean banatuta egoteak zailagoa egiten du antolaketa urbanistiko koherente bat lortzeko lana.

Zubietaren hirigintz antolaketa egiteko Donostiako Udalak ezinbesteko baldintza ezartzen du: deslindea egitea.

Deslindea eta osotasuna

Donostiako Udalaren proposamena marra baten bitartez zati bat Usurbilentzat eta beste zati bat Donostiarentzat banatzea zen.

Baina zubietarren ustez hau onartezina da, zati bakoitzak dagokion udalerriaren arauak izango bailituzke.

Bertakoek, Zubieta bere osotasunean hartuta antolatu nahi dute.

Bi udalek bat egin dezaten eskatzen dute herriarteko antolaketa bat egiteko.

Azken deslindea XIX. mendearen bukaerakoa da eta historia errespetatuz, orduko hartan ere, baserrietako jabeen nahia jaso zen beren baserri eta lurrak zein udalerrietakoak ziren finkatzeko.

Badirudi, azken bi urteetan bi udalerriek eta zubietarrek izan dituzten hainbat bileraren ondorioz, deslinde hori ahal den neurrian errespetatu egingo dela, era berean, ahalik eta banaketa garbiena eginaz.

Bilera hauek izan dute ondoriorik eta zirriborro bat prestatu da gai honen inguruan